domingo, 16 de noviembre de 2008

Emakumeon kontrako indarkeriari aurre eginez.


Emakumeon kontrako indarkeria, hau da, indarkeria patriarkala, emakume eta gizonen arteko harreman hierarkikoaren ondorioz eta emakumea gizonezkoarekiko menpekotasuna azpimarratuz, emakumeok sufritzen dugun indarkeria bezala definitzen dugu.Emakumeok pairatzen dugun indarkeria, jendartearen eremu guztietan sufritzen dugu. Eremu pribatuan, kalean, lan eremuan, polizia etxeetan…Hots, egiturazkoa den indarkeria pairatzen dugu. Jendarte patriarkalaren oinarrian dagoen botere erlazioen adierazlerik gogorrena izanik.Beraz, indarkeri sexistak gizon eta emakumeon arteko harreman hierarkikoetan du jatorria eta jendarte honek eragiten dituen diskriminazio egoera guztietan du oinarria.Emakumeon kontrako indarkeria, eredu patriarkalaren biziraupenerako elementu egonkortzaile nagusi eta bortitzena agertzen zaigu. Egun munduan zein Euskal Herrian dugun arazo politiko eta sozial larrienetakoa bilakatu arte.Emakumeon kontrako indarkeria Euskal Herrian errealitate bat da. Euskal emakumeon integritatea eta segurtasuna baldintzatzen duen errealitatea, euskal jendartearen demokrazia maila eskasaren ispilua dena.2008a hasi zenetik 5 emakume erail dituzte eta duela hilabete luzetik beste emakume bat desagerturik dago, honek dakarren esangura politiko eta sozialarekin. Eraso sexisten inguruko gertakariak eta salaketak egunero entzun ohi ditugun elementuak dira. Esaterako, azken hilabeteotan gertaturiko bortxaketa kasuak edota eraso anitzak (agresion multiple delakoak). Herriko jaietan edota jai eremuetan emakumeon askatasuna baldintzatu eta eraso sexisten areagotzea ematen da. Lan eremuan ematen diren sexu jazarpenen datuak kezkatzekoak dira. Gazteriaren artean sexuen arteko botere harremanak eta balore patriarkalak iraunarazteaz gain, mutil askok nesken kontrako indarkeria ere baliatzen dute…Beraz, Euskal Herriko indarkeri sexistaren diagnosia osatu ahal izateko datu zehatzik ez badugu ere; aipaturiko datuak oinarri hartuta, emakumeon kontrako indarkeria gure herriko arazo sozio-politiko nagusia dela ondorioztatu dezakegu.Bestalde, Euskal Herriko zatiketa administratiboa iraunarazten duten instituzioen iruzurra gero eta nabarmenagoa da. Administrazioen aldetik, emakumeon aurkako indarkeriari aurre hartzeko martxan dauden lege, protokolo, orden eta akordio inter-instituzionalak, ez dira praktikan jartzen ari edo/eta antzuak dira.Nafarroa Garaian, 2003an Parlamentuan Indarkeriaren aurkako Legea onartua izan bazen ere, egun legea ez dago indarrean. Bost urte hauetan zehar legea tramitatzeko urrats esanguratsurik ez dira eman eta bai Gobernuaren aldetik bai oposizioaren aldetik dagoen borondate eza agerian gelditu da.Euskal Autonomi Erkidegoari dagokionez, ateratako lege, instituzio, protokolo eta neurriek ez dute ahalbidetu ez prebentzio integrala ezta babeserako neurri eraginkorrik ere. 2005ean onarturiko Berdintasun Legeak emakumeen aurkako indarkeriari buruz hainbat ekimen jasotzen baditu ere hutsune estrukturalak eta gabezi nabarmenak ditu. Halaber, legeak jasotzen dituen neurriak aplikatzeko ezintasuna dago, mekanismo behartzaileak ez baititu jasotzen eta horien aplikapenerako dagoen borondate falta agerizkoa da.Ipar Euskal Herriari dagokionez, ez dago berezko neurri edota politikarik. Baina kudeaketa egokitu zaien politikariek erakutsi duten maila eskasa eta erantzukizun falta nabarmena izan da.Estatu Espainolean onarturiko Lege Organikoa zeharo partziala da, bikote eta bikote ohitik zuzentzen den indarkeria mota soilik aintzat hartzen baita. Estatu Frantsesari dagokionez, ez lege partzialik ezta sasi neurrik ere, ez baitago inolako neurri edota politikarik indarkeriari aurre egiteko.Hau guztia gutxi balitz, administrazioek sustatzen duten itxurakeria salatu beharra dago. Izan ere, indarkeriari aurre egiteko politika integrala eta eraginkorra oztopatzeaz gain, mugimendu feministaren borroka eta zehazki indarkeria sexistaren kontrako borroka asimilatzeko saiakera iruzurtiak garatzen ari dira.Azkeneko urteetan Azaroaren 25ren testuinguruan “zuzena” den diskurtsoa eta irudia plazaratzen ari dira. Konpromiso politikoetan oinarritzen ez den mezua eta ekimenak nagusitzen ari direlarik.Emakumeok pairatzen dugun egiturazko indarkeriari aurre egiteko, egungo harreman eredua eta jendartearen egituraketa errotik eraldatu behar da. Eta horretarako emakumeok eskubidedun subjektu osotzat hartzea ezinbestekoa da. Egun ukatu eta urratzen dizkiguten eskubideez jabetu behar gara, emakumeok eskubide osoko subjektua bilakatuz.Beraz, aipaturiko instituzioen iruzurraren aurrean eta Euskal Herriko aldaketa politikoaren norabidean, politika feminista integrala aldarrikatu eta sustatu behar dugu. Gure proiektu politikoaren perspektiban urratsak eman behar ditugu eta benetako praktika feminista garatu behar dugu. Norabide honetan urrats praktikoak ematen jarraitzeko konpromisoa berretsi nahi dugu.Indarkeria aurre egiteko politika integralari dagokionez, mota desberdinetako neurriak hartu beharko ditugu kontutan. Alde batetik hezkidetzan oinarritutako prebentzio neurriak hezkuntzan, osasungintzan, lan eremuan, gazterian, zerbitzu sozialetan, etab. Bestetik erasotu ondorengo neurri asistentzialak eta erantzun soziala artikulatzeri begirakoak.Azken honi dagokionez, larritasun osoarekin heldu behar diegu, indarkeria sexistaren salaketa eta erantzuna iraunkorra bihurtuz. Indarkeria kasuen aurrean eta zehazki emakume baten erailketa gertatzen denean, 48 ordutara mugimendu feministak deitzen dituen mobilizazioetan parte hartzea ezinbestekoa zaigularik. Halaber, eraso sexisten aurrean eman beharreko erantzuna behar bezala artikulatzea premiazkoa da.Bestalde, indarkeriari aurre egiteko emakumeon arteko elkartasuna eta antolakuntza nahiz borroka feministaren premia eta balio politikoa azpimarratu nahi dugu. Baita indarkeriaren aurrean jendarte osoaren inplikazioa ere. Izan ere, guztion ardura da, nagusitzen den sexismoa eta indarkeria adierazpen ororekin bukatzea.Bukatzeko, heldu den azaroaren 25ean burutuko diren mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu nahi dugu. Zehazki lan eremuan ematen diren sexu jazarpenari aurre eginez eta hauen salaketa egiteko, goizean burutuko den mobilizazioa Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren aurrean zein arratsaldean Euskal Herriko hiri buru guztietan mugimendu feministak antolatuko dituen manifestazioetan.